2012/02/06

UMEEKIKO (eta gure) TRATUEZ


  • Umeen kontrako tratu txarrak; zer dira baina? Zaplaztekoak baino ez al dira? Eta euren frustrazioarekiko tolerantzia landu beharrean, zapuztu, orain/hemen nahikeria konpultsibo ase ezineko, eta hortaz norbere zoriontasunerako ezindu eta ingurukoen ongizatearekiko tirano bihurtzen duten jarrerak?
Bestalde, garbi dago EZ baten bidez, itxurak kontrakoa lirudikeen arren, afektiboki, umeak, EZ hori ematen dionaren maitasuna antzematen duela, edo behintzat ez axolagabekeria, zerbait ezegoki egin ostean (eta haiek ohartu), gurasoek hartu duten jarrera dela-eta, ume-gazte ahoetatik entzun behar izan dudan lez. Noski, EZ horrek segurtasun afektibo eta etikoa (ethos hitzaren jatorrizko zentzuaz ari naiz, ez jokabideen ongiaren edota gaizkiaren hausnar eta teorizazio kontzienteaz diharduen zientziaz, jakina) ere sortzen ditu, kontrakoak seguritate/ziurtasun ez, noraeza… eta mutur batera eramanda, baita zorabio eta angustia existentziala sortzen dituen bezala, utero axiologiko koherente batere eskaini ez izanagatik.
  • Askotan egokitu zait entzun behar izatea funtsezkoa dela umeek/gazteok/helduok autoestimu “altua” izatea erronkei aurre egin ahal izateko (ikasketei kasu), eta ondorioz, zuzentzea, zentzatzea, EZ esatea, gaizki dago esatea... ez dela ona (gain babesa aipatzen du Joseba Azgarragak); nago ordea, ez dela autoestimu altua behar duguna, autoestimu “egokia” baizik, gutako bakoitzaren errealitateari (jakinda errealitate hori hein batean “eraikin soziala” dela, noski) dagokiona, horretaz jabetu, horrekin bizitzen ikasi, eta izatekotan, geure gabezi zein akatsen jakitun, nork bere bizi-proiektua diseinatu eta horretarako “beharrezkoak” diren egokitzapenak/aldaketak/berrikuntzak/hobekuntzak gure buruaren baitan era kontziente batez abiatu. Eta honetarako guztirako, EZ!, hori ez da zuzena!, ez dago ondo!... eta zergatik ez, “txikia” zara, ez hartu altueraren araberako estrategia, arina zara-eta... alegia, nork bere potentzialtasunak bilatu/topatu/garatu. Behin, futbolean genbiltzanean, Etxebarri herriko futbol zelaira beroketa ariketak egitera atera ginen taldekide bat eta biok, ni garaiera ertainekoa, nire kideari burua atera ordea; halako batean harmailetatik oihua, “enano!” . Nire laguna, serio demonio niri begira jarri eta galdetu: Juankar nori esaten diote zuri ala niri? Bere bizitzaren metafora bat da. Egiazki, aski errukarri deritzet halako egoerei, ez beste norbait baino txikiagoa izateari noski (denok baikara), halako autoestimu ezegokiei baizik. Tamalez, “niri esaten didate” ihardesteak ez zukeen egingo laguna ni baino garaiago, ez berez, ez eta gizarterako/bizitzarako ere. Halako pertsonak ez ote garen ari hezten (are okerragoa dena, ez ote diguten eskatzen) nire amets gaiztoetarikoa da. Esan gabe doa, ikuspegi honetan “ez-gainditu”a jasanezin eta ezegokia da, euren autoestimu alturako kaltegarria delako, eta beraz halaxe ez ditugulako “motibatzen”, alegia, ez diegulako ikasten/hobetzen/garatzen jarraitzeko “motibo”rik, arrazoirik… ematen, horixe egiteko motibazioa funtsean extrinsekoa, hobetze-jardueratik kanpotikoa bailitzan. Konta ezinezko EZ-i, eta ez-gaindituri, ez-lorturi… egin beharko dio horrelaxe heziak bizitzan barrena ordea, trebakuntza eta tresnarik gabe tamalez, eta askotan basamortuzko bakardadean, eta agian orduan konturatuko da behinola ere bizitzarako benetan biluzik zegoela, bestelakoa esan ohi genion arren. Ausartu egiten naiz esaten, frustrazioaren esperientzia gabe ez dela posible heldu-biderik, eta frustrazio horrek gerora bizitzaren ukaziora ez eramateko, egokiena, frustrazio hori habi/babes afektibo bizia dugunean bizitzea komeni zaigula. Era honetan, heldu aroan (baldin badago), frustrazioaren eta zentzurik ezaren zauritik odolustu ordez, apika, heriotza (frustrazioaren gorena, proiektu ororen etena, hizki larrizko EZ-GAINDITUA) ezabatu ez, baina gutxieneko zentzuz eta orekaz bizitzen utziko digun zauri-orbana, zauri-zolda txertatzea lortuko dugu. Depresioaren gorena ez dakar ezinbestekoa den frustrazioak berak (jaiotzak heriotza zor), frustrazio txikiagoetan eta egoera afektibo goxoagoan trebatzen ikasi ez izanak baizik; inondik inora ez frustraziorik gabeko mundu irreal batean hezteak behinik behin!
  • Eta zer esan umeekin denbora/bizitza ez partekatzeak dakartzanez? Goian aipatu dugu zerbait honetaz. Ez nioke ezetz esango Josebaren intuizioari, alegia,  honek guztiak lagundu (ez dakit sortu)  egiten duela hola hazitakoen jarrera indibidualista, nartzisista eta kontu komunitarioetarako axolagabea, betiere hasierako urteetako gabeziekiko konpentsazio gisa edo.
  • Politikoki ez-zuzena den beste intuizio bat badaukat (eta hurrengo atalarekin hein batean lotzen dena): arreta gabeziak, HAGT / TDAH-ak jota dagoen (baita diagnostikatuta ere) ume eta gazte kopuru (ehunekoa nahi bada) gero eta handiagoa ezagutzeak,  gaitzaren etiologia solik genetikoa ez dela pentsatzera narama; badakit bai, horixe esaten dutena adituek, badakit agian aldatu egin dena ez dela kopurua baizik diagnostikatzeko teknikaren ahalmena...  Denak du oinarri genetikoak, jakina, physis eta bio ere bagarelako, baina zerk eragiten du gaitzaren adierazpena, lehertzea ? Gure bizi-antolaketak, bizi-moduak, gizarte-balio post-modernoek, giza-harreman eta heziketa motak... esango nuke badutela zerikusia; jakina, kontua ez da inor/ezer kulpabilizatzea, errudun sentiaraztea baina..., gainera moralkeria zaharkitu baten terminoak ez al dira? “Halaxe suertatu zaigu” esango dugu, genetikoa da, eskerrak industria farmazeutikoari!! Salbatuak gara, to arretarako eta kontzentraziorako errezeta! Ahaztu gabe, noski, honetan guztian egungo eskola jardueren/ebaluazioen/kalifikazioen egitura nagusiak eduki litzakeen erantzukizuna eta eragina... (Ikus blog honetan Punsetek elkarrizketa Ken Robinsoni. )

No hay comentarios:

Publicar un comentario