2012/02/07

Ken Robinson dela-eta, irakurketa kritiko bat: Eskola? Hezkuntza? Ikaskuntza? Baliabideak? Zertarakoak?


Lehenengo 18 minututan, Ken Robinson (Gaztelaniazko azpitituluak). Askotan errepikaturiko intuizioak eta ideiak azaltzen ditu:
  • Gizarte industrial (katea, estandarizazioa...) bati erantzuten zion eskola-eredu bat errotik aldatu beharra.
  • Gardner-en haritik, pertsonen (ikasleen) askotariko inteligentzia, dohain, ahalmen, jakin min, bokazio... eta horiexek deskubritzeko eta gara daitezen eskola-testuinguru eta -baliabide egokiak eskaintzeko beharra.
  • ...
  • Arazoak edo erronka handiak ere baleudeke (ez gaindiezinak ordea), jakina: eskolaren egungo antolaketa administratiboa, itxituran oinarritutako antolakuntza (ikasgai itxiak, ordutegi bereiziak, adinaren araberako mailaketa, promoziorako ikasleei estandarrak aplikatu beharra, diskurtsoa (curriculum ofiziala) eta ebaluazio praktika ofizialen arteko eskizofrenia -selektibitatea kasu- ...


 Betiere interesgarriak diren Ken Robinson-en hitzaldien bideoak sarean topatzea oso samurra da, hausnartzeko, eta behar bada, ados edo ez hain ados egoteko egokiak. Niri neuri, ikuspegi orokorrarekin ados egon arren, badira pare bat kontutxo batere gogoko ez ditudanak:
  1. Beti Sir bere izen aurretik irakurri behar izatearekin batera, halako guru antza eta entzuleen, pertsonen artalde lako erreakzioak (ohh!, txaloak, barreak -batzuetan errazkeria direnak-...). Beldur pixka bat ematen du!
  2. Baina batez ere, "El Elemento" (ikus behean minutu bateko aurkezpena) bere liburuan behin eta berriz ageri den legez, bizitza-arrakasta gehiegitan (ipintzen dituen adibideetan antzematen da...) lotzea gizartean ezaguna, ospetsua, zerbaitetan onena (gehien saltzen duena, salto luzeen egiten duena), aberatsa,  ez dakit nongo presidente izatera heldu izanarekin. Esango nuke, ausarkeria izan daitekeela onarturik, sakon-sakonean, bere diskurtso kontzientearen inkontzientetik, halakoetan, bizitzaren inguruko bere sustrai eta ikuspegi utilitarista eta liberala ateratzen zaiola.
Argi dago, motibazioa erabilgarritasunarekin (=utilidad, utilitarismo, bizitzarako orokorrean, gizarteko nire bizitzarako, familia-bizitzarako, lagunartekorako, lan-mundurako, beste ikasketa posibleetarako... ) estu lotzen den zerbait dela, eta baita, jakina, 'egiten', eginez ikasten dela, ekiten, sortzen, erronken eta arazoen aurrean irtenbide posibleak besteekiko elkarlanean bilatzen... Baina kontuz erabilgarritasuna jainkotzearekin, aldarera beste barik goratzearekin, labur-labur esanda, hezkuntzaren inguruko ikuspegi guztiz kontserbadorea, atzerakoia, eta areago itsua atera egin dakigukeelako, "gizartea"ren beharretara -erabilgarria dena- (egun, nagusi den eredu antropologiko/politiko/ekonomiko neoliberala duena) makurki makurtua, gizakiaren (eta gizartearen) garapen osoa, liberazioa eta, azken batean, zoriontasunaren bila doana baino, klase interes jakin batzuk zaindu eta betetzera doana. 

Zirikatzeko galdera batzuk:
    • Benetan egon behar al dugu uneoro "konektaturik" arrakasta izateko eta zoriontsu izateko? Ez al da izango, errotikoagoak eta sakonagoak diren galdera hauetatik "deskonektaturik" egon gaitezen? 
    • Ez al da izango egungo sistema neoliberal kapitalistak gaurko testuinguruan behar dituela halako pertsonak oihanean "konpetitiboa" izateko (eta ez hainbeste pertsonen ongizatea helburu)? 
    • Ez al da izango (marxismo klasikoan esan lez) azpiegitura ekonomikoak gainegitura ideologiko hori (zeinaren barruan hezkuntza sistema bera baitago) sortu duela (sortzen ari dela), behar duela, bere burua zilegi egiteko eta berrelikatzeko?
    • Neurri batean zergatik izan daitekeen onuragarria ulertu arren (azken batean, bizitzaren zati luze batean -hori bai gero eta gutxiagok, bazterrean direnak gero eta gehiago direlarik/garelarik- 'lanean' jarduten dugu), benetan behar al dugu gure lanean topatzea gure bizitzaren funtsa eta ia zentzua?; eta beraz, lanean ez garenean ere lanean jarraitu, sarean konektaturik, baina nire bizitzaren ardatzetik deskonzentraturik, alegia, zentroa galduta, tweet-tweet han hemenka eginez, arreta-gabezia edukiko genukeen lez? (erne, twitter=txio-txio egin, eta twit=ergela, babalorea).
    • Eta aisialdia (paradoxikoki, eskhola, greko klasikoan =aisialdia, denbora librea; zeintzuek zuten? Zeintzuek gaur?)  eta lan-aldia ez bereizteko aldarrikapen hori?
    • Eta bizitza-osoan zehar konpultsiboki eta barne-angustiaz ikasten ibili behar agindu sasi berri kategoriko, ia kantiano hori? Zer ikasi ordea? Zertarako? Merkatuari erregaia emateko, zentzu gabe? Merkatuaren funtzionario (makinak funtziona dezan balio dutenak) zintzoak izateko?
    • Eta nondik eta zertarako, nor bere gertuko komunitate eta herritik bereizi eta urrun ibiltzeko, areago bizitzeko, eskatzen, exijitzen  zaigun egia salbatzaile errebelatu berri hori? Noren mesedetan? Zer eraikitzeko eta zer suntsitzeko?
    • Ez al lukete hein handi batean egungo hezkuntzaren xedeek kontrakulturalak izan behar? Alegia, mendebaldeko egungo mundu-ikuskera (Weltanschauung) eta beraz bizi-modu nagusiak aldatzera jo beharko, berrelikatzearekin tematu beharrean?
    • Edo kontsumismo absolutua bere kontsumaziora (bere betera) eramaten lagundu behar duen hezkuntza sistema akritikoa behar al dugu?
    • Balia-bideak baliagarriak direlako garrantzitsuak izan arren, norabideak eta zentzua dira giltzarriak: helburuak, zertarakoak... axiologia.
  • Tira, gutxienez, erne ibili!


No hay comentarios:

Publicar un comentario