2012/02/06

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz, arrakastaz


Berdin-berdin on...tasunean?
(Berria egunkarian argitaratutako nire hausnarketa)
Gizona, izenez giza ona (harrapa ezak/n) izan arren, ez da sarri, izanez, oso bertutetsu; eta tragikoki bertutea (vir,viri=arra, gizona) gizonaren berdina izatearekin parekatu nahi digute: emakumea gizonaren berdin bihurtu, eta orduantxe, emakumea ere bertutetsua (=vir=ar), alegia, arrakastatsua (exitus=irteera, kanpoaldea, itxura, ad extra lortua). Denok salbatuak, Emmanuel!

Orobat, Frantziako Iraultza burgesean (etnozentriko eta patriarkalean) ere berdintasuna lelo: denok berdinak. Zerekiko berdin ordea? Erantzuna, gordinki eta bortizki, samur-samurra: zintzoki, denok halabeharrez, gizonki, franko (franko-godo uler bedi), hori bai, askatasunez eta anai-arrebatasunez, hau da, Égalité, Liberté, Fraternité. Horixe onartzen ez duen oro, noski, atzerakoi, ez progresista, retrogrado, reakzionario, ez-moderno, itsu, ez-ilustratu, pribilegio-zale, basati, ez-kultu, ez-jakin, biolentzia-zale, txokokerian murgildu, ez unibertsalista, ez kosmopolita, basa-herriko, ez hiritar..., demagun, euskaldun. Ondorioz, frantses kultibatuak eta modernoak izan behar.

Orain, nonbait, emakumeak ere gizon izan behar, homologatua (etimologia librean homo, hominis= gizaki + logos= arrazoia, logika, zientzia, jakintza...) izateko, gizonaren logika hartu behar. Susmoa aspalditik banuen ere, gizon eta emakumearen arteko berdintasunaren beharraren harira, EITBko urriaren 2ko albistea aditu ostean, dudak ia-ia uxatu zitzaizkidan:

Esatariak -emakume homologatua bera ere-: berdintasun behar hori islatzeko 20 mujeres de exito (jujeak, sendagileak, legebiltzarkideak, idazleak, ondo exekutatzen duten exekutiboak, exekutiboko kideren bat...) agerraldia egin zuten. Esperotako ondorioa: amatxo maitea, zu ez zaude homologatuta, ez ei zara-eta «mujer de exito», ez ei duzu bizitzan arrakastarik lortu. (Esan dezadan, bide batez, eta badaezpada, aitatxo, zu ere ez zaudela pertsona arrakastatsu bezala homologaturik, ez duzu-eta lortu bizitzan exitorik, exito ugari (latinetik=irteera) burutu arren- taxista izan dugu aita oraintsu arte-). Susmoa dut gaur egun bizitzaren arrakasta ad extra neurtzen dugula, agian, ad intra (= barrura begira) ezintasun gaindigaitzak ditugulako, intra dugunik/garenik ere lar ahazturik dukegulako. Beharbada, hori dela-eta, etengabe irudia kanpora proiektatu nahian jarduten dugu, traiektuan (=bizitzan zehar) emankor denik gutxi introiektatu (= barneratu) gabe. Zinez, zer bizi- eta gizarte-proiektu edukiko dugu orduan, arrakasta prometeiko/patriarkal/falikoaren irudiaz haratago?

Berehala, berdintasun lortuaren eredu gisa aurkezten zaigun emakume homologatu exitoso bati (sendagile arrakastatsua bide da) eman zitzaion hitza, eta orduan ere, euri zaharra: lanbide honetan, gaur egun, dagoeneko, emakumeok dominamos. Alegia, gizonkeriaren arketipo patriarkala onartua, bereganatua eta hobetua: dominus= jauna, menperatzen duena. Nire irudikoz, jauntxokeria larregi gure etxe (=domus) gertu eta urrunetan ere.

Barkatuko didazue, baina gizonkerietan lotsa hartzen duen honek -esan gabe doa, baita nireetan ere, noski-, ez du behar emakume itxurako gizon gero eta gehiago, ez du nahi gizarte gizondurik, ez dut uste gizateriarentzat arrakasta dakarrenik, arrakatsa (ar+akatsa) baizik: botere eta menperakeriaren logika.

Gizakiaren (eta gizartearen) arrakasta, nahiago dut lotzea emetasunaren beste ideia eta jokabide batzuekin: homo-hominis=humus, lurra, natura, harkorra, fruitua, hilerokoa (=bizitza), ilargia, itsasgora-behera, hilaren argia, argizaria, emankortasuna, haur, emakumea, eman, ume, eme, ama, umetoki, kultura (jatorriz coleo, es, ere= lurra erein, hazi, landatu), hazi, hezi. Eman/harkortu versus harrapatu (=harrak jana= ar-tu=gizon bihurtu, har bihurtu), harrapakari.

Jakina, ez naiz gizon eta emakume jakin eta zehatzen inguruan ari, arketipoen mailan baizik; izan ere, zorionez, gizon emeak badira, eta baita, zoritxarrez, emakume gizondurik ere, exito handikoak, hori bai! Tamalez, gaurko emakume-ereduarengatik, sarriegi emakume izateaz lotsatu behar eta ezkutatu, gizondu: jada «ez da antzematen», «ez da iragaten...,»; Emakumea Eva (=Bizia) baino Evax nahiago dugu. Denok kanpo-eder, garbi eta zoriontsu antza.

Eta Gizakiaren gainean, zer esan? Apirilaren 24an Ama Lur filma ikusi ostean, Nestor Basterretxearekin Oñatin gozaturiko afari batean, Jurgi Oteiza hizpide, aipatu zuen behin Erromako San Pedro plazan zirelarik, halako batean, zoro baten antzera, Oteiza, besoak astinduz eta goratuz, korrika hasi zela honakoa oihukatu egiten zuen bitartean: «Non dago gizakia??!!, Non dago, gizakia??!!». Ez omen zuen inoiz ulertu zertan zebilen eta zergatik egin zuen, baina, antza, gizakiaren bila zebilen gure Oteiza. Ez gara urrun ibiliko Diogenes Zinikoaren haritik abiatu eta Nietzscherengan bilatzen badugu erantzuna. Zientzia Alaia-ren 125. aforismoan, zoroak berdintsu galdetzen du plaza publikoan baina Jainkoaren inguruan. Bere lepo trufaturik jendea begira zeukala, «Zoroak aurre egin zien, eta beha-beha begiratzen zielarik oihu egin zuen: 'Non dagoen Jainkoa? Esango dizuet. Hil egin dugu; Jainkoa hil egin da...'» Nietzscheren pentsamenduan, gizakiaren ekintza handi eta miresgarri hori («Ez da sekula ekintza handiagorik egon...»), ezinbestekoa da Gaingizakia, Supergizakia jaio ahal izateko. Hala ere, Gaingizakia baino Azkeneko gizakia baino ez jaiotzearen beldur zen Nietzsche-Zaratustra, burututako ekintza handiaren esanahiaz jabetu ez denaren beldur alegia: «Ai ene! Garaia dator, gizonak izarrik gehiago erdituko ez duena. Ai ene! Badator gizon destainagarrienaren garaia... Lurra txiki bihurtu da eta beronen gainean jauzika ari da azkeneko gizona, dena txiki bihurtu duena... 'Zoriona aurkitu dugu guk' diote azkeneko gizonek eta begiei keinu eragiten diete... Badituzte egunerako atsegintxoak eta gauerakoak...» (Ikus Honela mintzatu zen Zaratustra-n Zaratustraren Aurremintzaldiak V). Ni ere, neure baitako azkeneko gizakiaren beldur naiz, eta, Oteiza bezala (barka biezat atrebentzia), gizakiaren bila nabil, emetasun arketipikoaren bidean ordea. Hala ere, badaezpada eta bukatzeko, esan nire jantziak, gero eta zimur gehiago dituen honek lisatzen dituela; dena konponduta, bada, gure etxean: berdintasuna gauzaturik. Bejondeigula!

No hay comentarios:

Publicar un comentario