2012/02/06

Ordainketaren Legeaz eta komunitatearen zein norberaren eraikuntzaz


  • Max Weber-ek erakutsi baino lehen (Etika protestantea eta Kapitalismoaren espiritua), Itun Zaharreko Job-en liburuan eta ebanjelioetan bertan Jesu-k, etengabe, argiro kritikatu egin ziguten, teologian Ordainketaren Legea deritzoguna, eta bere ondorio psiko-sozial kaltegarri eta onartezinak: ona  (moralki, erlijiosoki zintzoa) denak Jainkoarengandik jasoko du ordaina, aski materialki jaso ere, emakume emankor eta esanekoa, seme-alabak (ondorengotza eta berarekin hilezkortasuna), lur eta ganadua (ondasunak), osasuna...; gaiztoak aldiz, guztiz kontrakoa jasoko du, ordainezko zigorra (pobrezia, gaitza, bakardadea, agorkeria...). Inork ez daki ordea benetan nor den zintzoa eta nor ona. Konponbidea, legeari iraulia ematea: zeinek ondasun ugari.... horixe zintzo, eta are okerragoa dena: zein txiro, fisikoki akastun... horixe gaizto, sozialki baztertu beharreko, kutsatu, bekatari eta errudun, merezia du eta, izan ere, denon moduan (liberalismoaren urrezko araua den jatorrizko berdintasuna) aukera izan du zintzoa izateko (a man made himself). Espiritu eta erlijio (laiko) berberak bizi egiten gaitu egun neurri handi batean, (Metro)-Polis-eko erlijioa, oso-oso politikoa hortaz.
  • Gorago batean esan dugun lez, ekintza kolektibo orok konpromisoa eskatzen du eta nork bere geroa komunitatearen geroarekin uztartzea, zerbait elkarrekin proiektatzea. Gure bi langa psikikoen aldea ikusita, ba al dugu ahalmena horretarako? Ausartzen al gara zerbait (kon)prometitzen ? Geu Prometeo txikiok, gure burua bakarrik eraiki egin dugunok, behar al dugu? Ezetz entzuten dugu nonahi, ez dugu-eta mugarik, ez dugu inoren behar... Errukarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario