Gai-txartelak
Askotariko Inteligentziak
(3)
Ebaluazioa
(5)
Erlijioa
(22)
Espiritualitatea
(14)
Euskal Herriko Historia
(13)
Euskara
(5)
Euskara Jatorrria
(1)
Filosofia
(20)
Hezkuntza
(72)
IKASKUNTZA
(57)
Ingelera
(1)
KOMUNITATEA
(2)
Konpetentziak
(43)
KOOPERATIBOA
(24)
Musika
(2)
Oikonomia
(22)
Paulo Freire
(4)
Pere Pujolas
(2)
POI
(2)
Politika
(34)
web-aplikazioak
(29)
2012/02/24
2012/02/22
ERRUBRIKA ebaluazio-baliabide gisa: zer den eta nola sortu
- Errubrika ebaluazio-tresna gisa, ikaste aldera, are interesgarriagoa eta aberasgarriagoa da, ikasleen artean elkarrekiko eta autoebaluazioa erabiltzen bada, eta kalifikazioari begirako ebaluazioa ('sumatiboa') ez ezik, ikaste-prozesuari ('formatiboa') eta ikas-emaitzei ('edukiak zein zereginak') begirako ebaluazioa ere egiten bada.
- Era berean, ikaskuntza kooperatiboaren baitan, taldekide bakoitzak duen berariazko eginkizunen betetze-egokitasuna ebaluatzeko ere oso aproposa da, kasu honetan ere, elkarrekiko eta autoebaluazioa erabiliz, eta goian aipatutako 3 ebaluazio motei dagokienez.
- Bukatzeko, lana samurtzen duelako, teknikoki garatzeko tresna oso egokia izan daiteke Google Docs eskaintzen duen 'Formulario' aukera, zeinak emaitzak ere, kasu askotan, ikasleek erabili ahala ematen baitizkigu.
Konpetentzien Ebaluazioaz
Konpetentziaren definizio bat, oinarrizkoak, zereginak eta ebaluazioa (3 minututan)
Pere Pujolas: Ikaskuntza kooperatiboaz eta inklusiboaz
Pere pujolas aprendizaje_cooperativo-materiala
View more presentations from jcolaeta.
Hona, goiko aurkezpen-diapositiba batzuk erabiliz Perek ematen dituen azalpenak.
Hona, goiko aurkezpen-diapositiba batzuk erabiliz Perek ematen dituen azalpenak.
- 1. bideoa:
- 2. bideoa: ANIZTASUNARI ERANTZUNA. Eragin-esparrua posibleak:
- Taldekatze moduak.
- Curriculuma.
- Jardueren egitura: besteetan dugu joera eragiteko baina hauxe da giltzarria
- Ikasleak taldekatzeko irizpideak
- Jardueraren egitura
2012/02/21
2012/02/07
Ken Robinson dela-eta, irakurketa kritiko bat: Eskola? Hezkuntza? Ikaskuntza? Baliabideak? Zertarakoak?
Lehenengo 18 minututan, Ken Robinson (Gaztelaniazko azpitituluak). Askotan errepikaturiko intuizioak eta ideiak azaltzen ditu:
- Gizarte industrial (katea, estandarizazioa...) bati erantzuten zion eskola-eredu bat errotik aldatu beharra.
- Gardner-en haritik, pertsonen (ikasleen) askotariko inteligentzia, dohain, ahalmen, jakin min, bokazio... eta horiexek deskubritzeko eta gara daitezen eskola-testuinguru eta -baliabide egokiak eskaintzeko beharra.
- ...
- Arazoak edo erronka handiak ere baleudeke (ez gaindiezinak ordea), jakina: eskolaren egungo antolaketa administratiboa, itxituran oinarritutako antolakuntza (ikasgai itxiak, ordutegi bereiziak, adinaren araberako mailaketa, promoziorako ikasleei estandarrak aplikatu beharra, diskurtsoa (curriculum ofiziala) eta ebaluazio praktika ofizialen arteko eskizofrenia -selektibitatea kasu- ...
Betiere interesgarriak diren Ken Robinson-en hitzaldien bideoak sarean topatzea oso samurra da, hausnartzeko, eta behar bada, ados edo ez hain ados egoteko egokiak. Niri neuri, ikuspegi orokorrarekin ados egon arren, badira pare bat kontutxo batere gogoko ez ditudanak:
- Beti Sir bere izen aurretik irakurri behar izatearekin batera, halako guru antza eta entzuleen, pertsonen artalde lako erreakzioak (ohh!, txaloak, barreak -batzuetan errazkeria direnak-...). Beldur pixka bat ematen du!
- Baina batez ere, "El Elemento" (ikus behean minutu bateko aurkezpena) bere liburuan behin eta berriz ageri den legez, bizitza-arrakasta gehiegitan (ipintzen dituen adibideetan antzematen da...) lotzea gizartean ezaguna, ospetsua, zerbaitetan onena (gehien saltzen duena, salto luzeen egiten duena), aberatsa, ez dakit nongo presidente izatera heldu izanarekin. Esango nuke, ausarkeria izan daitekeela onarturik, sakon-sakonean, bere diskurtso kontzientearen inkontzientetik, halakoetan, bizitzaren inguruko bere sustrai eta ikuspegi utilitarista eta liberala ateratzen zaiola.
Argi dago, motibazioa erabilgarritasunarekin (=utilidad, utilitarismo, bizitzarako orokorrean, gizarteko nire bizitzarako, familia-bizitzarako, lagunartekorako, lan-mundurako, beste ikasketa posibleetarako... ) estu lotzen den zerbait dela, eta baita, jakina, 'egiten', eginez ikasten dela, ekiten, sortzen, erronken eta arazoen aurrean irtenbide posibleak besteekiko elkarlanean bilatzen... Baina kontuz erabilgarritasuna jainkotzearekin, aldarera beste barik goratzearekin, labur-labur esanda, hezkuntzaren inguruko ikuspegi guztiz kontserbadorea, atzerakoia, eta areago itsua atera egin dakigukeelako, "gizartea"ren beharretara -erabilgarria dena- (egun, nagusi den eredu antropologiko/politiko/ekonomiko neoliberala duena) makurki makurtua, gizakiaren (eta gizartearen) garapen osoa, liberazioa eta, azken batean, zoriontasunaren bila doana baino, klase interes jakin batzuk zaindu eta betetzera doana.
Zirikatzeko galdera batzuk:
- Benetan egon behar al dugu uneoro "konektaturik" arrakasta izateko eta zoriontsu izateko? Ez al da izango, errotikoagoak eta sakonagoak diren galdera hauetatik "deskonektaturik" egon gaitezen?
- Ez al da izango egungo sistema neoliberal kapitalistak gaurko testuinguruan behar dituela halako pertsonak oihanean "konpetitiboa" izateko (eta ez hainbeste pertsonen ongizatea helburu)?
- Ez al da izango (marxismo klasikoan esan lez) azpiegitura ekonomikoak gainegitura ideologiko hori (zeinaren barruan hezkuntza sistema bera baitago) sortu duela (sortzen ari dela), behar duela, bere burua zilegi egiteko eta berrelikatzeko?
- Neurri batean zergatik izan daitekeen onuragarria ulertu arren (azken batean, bizitzaren zati luze batean -hori bai gero eta gutxiagok, bazterrean direnak gero eta gehiago direlarik/garelarik- 'lanean' jarduten dugu), benetan behar al dugu gure lanean topatzea gure bizitzaren funtsa eta ia zentzua?; eta beraz, lanean ez garenean ere lanean jarraitu, sarean konektaturik, baina nire bizitzaren ardatzetik deskonzentraturik, alegia, zentroa galduta, tweet-tweet han hemenka eginez, arreta-gabezia edukiko genukeen lez? (erne, twitter=txio-txio egin, eta twit=ergela, babalorea).
- Eta aisialdia (paradoxikoki, eskhola, greko klasikoan =aisialdia, denbora librea; zeintzuek zuten? Zeintzuek gaur?) eta lan-aldia ez bereizteko aldarrikapen hori?
- Eta bizitza-osoan zehar konpultsiboki eta barne-angustiaz ikasten ibili behar agindu sasi berri kategoriko, ia kantiano hori? Zer ikasi ordea? Zertarako? Merkatuari erregaia emateko, zentzu gabe? Merkatuaren funtzionario (makinak funtziona dezan balio dutenak) zintzoak izateko?
- Eta nondik eta zertarako, nor bere gertuko komunitate eta herritik bereizi eta urrun ibiltzeko, areago bizitzeko, eskatzen, exijitzen zaigun egia salbatzaile errebelatu berri hori? Noren mesedetan? Zer eraikitzeko eta zer suntsitzeko?
- Ez al lukete hein handi batean egungo hezkuntzaren xedeek kontrakulturalak izan behar? Alegia, mendebaldeko egungo mundu-ikuskera (Weltanschauung) eta beraz bizi-modu nagusiak aldatzera jo beharko, berrelikatzearekin tematu beharrean?
- Edo kontsumismo absolutua bere kontsumaziora (bere betera) eramaten lagundu behar duen hezkuntza sistema akritikoa behar al dugu?
- Balia-bideak baliagarriak direlako garrantzitsuak izan arren, norabideak eta zentzua dira giltzarriak: helburuak, zertarakoak... axiologia.
- Tira, gutxienez, erne ibili!
2012/02/06
Eraldaketa ez ote da erabateko aldaketa?
- Ez nire adi-eran, nire aditzeko moduan. Honen arabera, era-aldaketa horixe litzateke, eran aldaketa, maneran, moduan; ez litzateke beraz erabatekoa baina bai, bideetan, (halako batean edo batzuetan) metodologian... Ez litzateke bada gutxi izango.
- Erabateko (=guztizkoa) aldaketa izateko ordea, nire iritziz, metodologian ez ezik teleologian ere (hezkuntzaren zertarakoetan) beharko luke, izan ere, hortxe legokee koska. Esango nuke, teleologia metodologiaren ezinbesteko propedeutika dela (pró=aurrez + paideutikós=irakaskuntza), eta beraz Pedagogiaren (=norabidea eskaini, eman, eraman...) ardatz-osagaia.
- Are, esan behar dut, nire iritziz teleologia batek halabeharrez antropologia bat (hazi gisa, zer da gizakia?, eta beraz zer giza-artea?; horrenbestez zertarako (telos) eta nola, zer bidez (meta-odos) hezi –hezkuntza- hazi hori?) eraman behar duela atxikita, zeinetik (hezkuntza) Politika bat ere ondorioztatu behar dugun. Baina, gaur egun zeinek egiten dizkio bere buruari -eta inguruari- galdera hauek (eskolan, unibertsitatean, gizartean, politikagintzan, enpresan…)?
Ordainketaren Legeaz eta komunitatearen zein norberaren eraikuntzaz
- Max Weber-ek erakutsi baino lehen (Etika protestantea eta Kapitalismoaren espiritua), Itun Zaharreko Job-en liburuan eta ebanjelioetan bertan Jesu-k, etengabe, argiro kritikatu egin ziguten, teologian Ordainketaren Legea deritzoguna, eta bere ondorio psiko-sozial kaltegarri eta onartezinak: ona (moralki, erlijiosoki zintzoa) denak Jainkoarengandik jasoko du ordaina, aski materialki jaso ere, emakume emankor eta esanekoa, seme-alabak (ondorengotza eta berarekin hilezkortasuna), lur eta ganadua (ondasunak), osasuna...; gaiztoak aldiz, guztiz kontrakoa jasoko du, ordainezko zigorra (pobrezia, gaitza, bakardadea, agorkeria...). Inork ez daki ordea benetan nor den zintzoa eta nor ona. Konponbidea, legeari iraulia ematea: zeinek ondasun ugari.... horixe zintzo, eta are okerragoa dena: zein txiro, fisikoki akastun... horixe gaizto, sozialki baztertu beharreko, kutsatu, bekatari eta errudun, merezia du eta, izan ere, denon moduan (liberalismoaren urrezko araua den jatorrizko berdintasuna) aukera izan du zintzoa izateko (a man made himself). Espiritu eta erlijio (laiko) berberak bizi egiten gaitu egun neurri handi batean, (Metro)-Polis-eko erlijioa, oso-oso politikoa hortaz.
- Gorago batean esan dugun lez, ekintza kolektibo orok konpromisoa eskatzen du eta nork bere geroa komunitatearen geroarekin uztartzea, zerbait elkarrekin proiektatzea. Gure bi langa psikikoen aldea ikusita, ba al dugu ahalmena horretarako? Ausartzen al gara zerbait (kon)prometitzen ? Geu Prometeo txikiok, gure burua bakarrik eraiki egin dugunok, behar al dugu? Ezetz entzuten dugu nonahi, ez dugu-eta mugarik, ez dugu inoren behar... Errukarria.
UMEEKIKO (eta gure) TRATUEZ
- Umeen kontrako tratu txarrak; zer dira baina? Zaplaztekoak baino ez al dira? Eta euren frustrazioarekiko tolerantzia landu beharrean, zapuztu, orain/hemen nahikeria konpultsibo ase ezineko, eta hortaz norbere zoriontasunerako ezindu eta ingurukoen ongizatearekiko tirano bihurtzen duten jarrerak?
Bestalde, garbi dago EZ baten bidez, itxurak kontrakoa
lirudikeen arren, afektiboki, umeak, EZ hori ematen dionaren maitasuna
antzematen duela, edo behintzat ez axolagabekeria, zerbait ezegoki egin ostean
(eta haiek ohartu), gurasoek hartu duten jarrera dela-eta, ume-gazte ahoetatik
entzun behar izan dudan lez. Noski, EZ horrek segurtasun afektibo eta etikoa (ethos
hitzaren jatorrizko zentzuaz ari naiz, ez jokabideen ongiaren edota gaizkiaren
hausnar eta teorizazio kontzienteaz diharduen zientziaz, jakina) ere sortzen
ditu, kontrakoak seguritate/ziurtasun ez, noraeza… eta mutur batera eramanda, baita
zorabio eta angustia existentziala sortzen dituen bezala, utero axiologiko koherente
batere eskaini ez izanagatik.
- Askotan egokitu zait entzun behar izatea funtsezkoa dela umeek/gazteok/helduok autoestimu “altua” izatea erronkei aurre egin ahal izateko (ikasketei kasu), eta ondorioz, zuzentzea, zentzatzea, EZ esatea, gaizki dago esatea... ez dela ona (gain babesa aipatzen du Joseba Azgarragak); nago ordea, ez dela autoestimu altua behar duguna, autoestimu “egokia” baizik, gutako bakoitzaren errealitateari (jakinda errealitate hori hein batean “eraikin soziala” dela, noski) dagokiona, horretaz jabetu, horrekin bizitzen ikasi, eta izatekotan, geure gabezi zein akatsen jakitun, nork bere bizi-proiektua diseinatu eta horretarako “beharrezkoak” diren egokitzapenak/aldaketak/berrikuntzak/hobekuntzak gure buruaren baitan era kontziente batez abiatu. Eta honetarako guztirako, EZ!, hori ez da zuzena!, ez dago ondo!... eta zergatik ez, “txikia” zara, ez hartu altueraren araberako estrategia, arina zara-eta... alegia, nork bere potentzialtasunak bilatu/topatu/garatu. Behin, futbolean genbiltzanean, Etxebarri herriko futbol zelaira beroketa ariketak egitera atera ginen taldekide bat eta biok, ni garaiera ertainekoa, nire kideari burua atera ordea; halako batean harmailetatik oihua, “enano!” . Nire laguna, serio demonio niri begira jarri eta galdetu: Juankar nori esaten diote zuri ala niri? Bere bizitzaren metafora bat da. Egiazki, aski errukarri deritzet halako egoerei, ez beste norbait baino txikiagoa izateari noski (denok baikara), halako autoestimu ezegokiei baizik. Tamalez, “niri esaten didate” ihardesteak ez zukeen egingo laguna ni baino garaiago, ez berez, ez eta gizarterako/bizitzarako ere. Halako pertsonak ez ote garen ari hezten (are okerragoa dena, ez ote diguten eskatzen) nire amets gaiztoetarikoa da. Esan gabe doa, ikuspegi honetan “ez-gainditu”a jasanezin eta ezegokia da, euren autoestimu alturako kaltegarria delako, eta beraz halaxe ez ditugulako “motibatzen”, alegia, ez diegulako ikasten/hobetzen/garatzen jarraitzeko “motibo”rik, arrazoirik… ematen, horixe egiteko motibazioa funtsean extrinsekoa, hobetze-jardueratik kanpotikoa bailitzan. Konta ezinezko EZ-i, eta ez-gaindituri, ez-lorturi… egin beharko dio horrelaxe heziak bizitzan barrena ordea, trebakuntza eta tresnarik gabe tamalez, eta askotan basamortuzko bakardadean, eta agian orduan konturatuko da behinola ere bizitzarako benetan biluzik zegoela, bestelakoa esan ohi genion arren. Ausartu egiten naiz esaten, frustrazioaren esperientzia gabe ez dela posible heldu-biderik, eta frustrazio horrek gerora bizitzaren ukaziora ez eramateko, egokiena, frustrazio hori habi/babes afektibo bizia dugunean bizitzea komeni zaigula. Era honetan, heldu aroan (baldin badago), frustrazioaren eta zentzurik ezaren zauritik odolustu ordez, apika, heriotza (frustrazioaren gorena, proiektu ororen etena, hizki larrizko EZ-GAINDITUA) ezabatu ez, baina gutxieneko zentzuz eta orekaz bizitzen utziko digun zauri-orbana, zauri-zolda txertatzea lortuko dugu. Depresioaren gorena ez dakar ezinbestekoa den frustrazioak berak (jaiotzak heriotza zor), frustrazio txikiagoetan eta egoera afektibo goxoagoan trebatzen ikasi ez izanak baizik; inondik inora ez frustraziorik gabeko mundu irreal batean hezteak behinik behin!
- Eta zer esan umeekin denbora/bizitza ez partekatzeak dakartzanez? Goian aipatu dugu zerbait honetaz. Ez nioke ezetz esango Josebaren intuizioari, alegia, honek guztiak lagundu (ez dakit sortu) egiten duela hola hazitakoen jarrera indibidualista, nartzisista eta kontu komunitarioetarako axolagabea, betiere hasierako urteetako gabeziekiko konpentsazio gisa edo.
- Politikoki ez-zuzena den beste intuizio bat badaukat (eta hurrengo atalarekin hein batean lotzen dena): arreta gabeziak, HAGT / TDAH-ak jota dagoen (baita diagnostikatuta ere) ume eta gazte kopuru (ehunekoa nahi bada) gero eta handiagoa ezagutzeak, gaitzaren etiologia solik genetikoa ez dela pentsatzera narama; badakit bai, horixe esaten dutena adituek, badakit agian aldatu egin dena ez dela kopurua baizik diagnostikatzeko teknikaren ahalmena... Denak du oinarri genetikoak, jakina, physis eta bio ere bagarelako, baina zerk eragiten du gaitzaren adierazpena, lehertzea ? Gure bizi-antolaketak, bizi-moduak, gizarte-balio post-modernoek, giza-harreman eta heziketa motak... esango nuke badutela zerikusia; jakina, kontua ez da inor/ezer kulpabilizatzea, errudun sentiaraztea baina..., gainera moralkeria zaharkitu baten terminoak ez al dira? “Halaxe suertatu zaigu” esango dugu, genetikoa da, eskerrak industria farmazeutikoari!! Salbatuak gara, to arretarako eta kontzentraziorako errezeta! Ahaztu gabe, noski, honetan guztian egungo eskola jardueren/ebaluazioen/kalifikazioen egitura nagusiak eduki litzakeen erantzukizuna eta eragina... (Ikus blog honetan Punsetek elkarrizketa Ken Robinsoni. )
Joseba Azkarragaren aipatzen duen "langa/distantzia psikikoaz" eta maitasunaz
- Zergatik ez lotu dibortzio kopurua etab, merkatuak eta kapitalismoak guregan sortu dituen behe eta goiko langa psikiko horrekin? Niaren (nia bestearen aurpegian ezagutzen eta eraikitzen dut) gorespen eta gurtza “kalkula(u)tuarekin” (alegia, halere nahi genukeen zinezko gure irudiari traba egiten dioten oztopo-harri koxkorrez josita)? Eta ni utopikoaren bila “besteak” berandu baino lehen dakartzan “oztopoak “? Eta distantzia psikikoak sortzen digun ni txiki horrek konpromisorako hautematen duen ezinarekin –ezin baitu ezer prometitu, zinik egin, ez da-eta sendoa, ez du eta irudi ona bere buruaren inguruan? Hori bai, koldarkeria/ziurtasun eza/konplexua agian dena, ausardia/askatasun/balentria moderno gisa salduko dizu; gordinki: konpromisorako gaitasun eza goratua, saiatzeko duintasun nahikorik ez! Hobe porrota aurrez sinatu porrotik ez izateko!
- Nago askotan ez dagoela harreman afektibo-sexual molde askagarri eta aringarri berrietan axolagabetasuna, orbanak (batzuetan zauri irekiak) eta hustasuna baizik. Amak/aitak ere seme-alabari orduan: zer iruditzen? “ondo doakigun bitartean maite”? Eros ala Agape?
HOMO CONSUMENS
- Kapitalak/publizitateak menderatuak; gizakiaren bukaera, consumatum est. Indignados, asaldatuek zer eskatzen zuten zinez? Ez al da kontsumoen festan haiek ere eduki behar duten eta galbidean dakusaten zatia? Hori ere lortu dute, matxinoa matxinatzea baina ez menua aldatu eta berak erabaki nahi duelako, oturuntza anorexiko-bulimikoan haiek ere aulkia eduki nahi dutelako--------- lan logika kapitalista post-modernoak aldarrikatu egiten dituen baloreek (mugikortasuna, bio-erritmoen kontrako ordutegiak, erabateko prestutasuna…) dakarte komunitatea (domestikoa gutxienez bai, umeekin izateko denborarik ez, gogorik ezeraino, gure kontzientzia txarra sakrifizio-opariak –materialak- merkatuaren aldarean egingo ditugularik ) eraiki ezina, balore alternatiboak eta “gureak” sortzea… JosAnton Artzek: zer nahi eta hura eman, halere mutikoa triste, denek ematen diotelako nahi duena eta inork ez behar duena: zer da nahi duena eta zergatik nahi du? Zer da behar duena eta zergatik ez diogu ematen?
- “Kolonizazio kultural-psikologikoa da kapitalaren estrategia hiperkontsumismoaren aro berrian” (Joseba Azkarraga). Zer irabazten du kapitalak ordea, kolonizazio horren biktima bera ere bada?
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz, arrakastaz
Berdin-berdin on...tasunean?
(Berria egunkarian argitaratutako nire hausnarketa)
Gizona, izenez giza ona (harrapa ezak/n)
izan arren, ez da sarri, izanez, oso bertutetsu; eta tragikoki bertutea (vir,viri=arra, gizona)
gizonaren berdina izatearekin parekatu nahi digute: emakumea gizonaren berdin
bihurtu, eta orduantxe, emakumea ere bertutetsua (=vir=ar), alegia, arrakastatsua (exitus=irteera,
kanpoaldea, itxura, ad extra
lortua). Denok salbatuak, Emmanuel!
Orobat, Frantziako Iraultza burgesean (etnozentriko eta patriarkalean) ere berdintasuna lelo: denok berdinak. Zerekiko berdin ordea? Erantzuna, gordinki eta bortizki, samur-samurra: zintzoki, denok halabeharrez, gizonki, franko (franko-godo uler bedi), hori bai, askatasunez eta anai-arrebatasunez, hau da, Égalité, Liberté, Fraternité. Horixe onartzen ez duen oro, noski, atzerakoi, ez progresista, retrogrado, reakzionario, ez-moderno, itsu, ez-ilustratu, pribilegio-zale, basati, ez-kultu, ez-jakin, biolentzia-zale, txokokerian murgildu, ez unibertsalista, ez kosmopolita, basa-herriko, ez hiritar..., demagun, euskaldun. Ondorioz, frantses kultibatuak eta modernoak izan behar.
Orobat, Frantziako Iraultza burgesean (etnozentriko eta patriarkalean) ere berdintasuna lelo: denok berdinak. Zerekiko berdin ordea? Erantzuna, gordinki eta bortizki, samur-samurra: zintzoki, denok halabeharrez, gizonki, franko (franko-godo uler bedi), hori bai, askatasunez eta anai-arrebatasunez, hau da, Égalité, Liberté, Fraternité. Horixe onartzen ez duen oro, noski, atzerakoi, ez progresista, retrogrado, reakzionario, ez-moderno, itsu, ez-ilustratu, pribilegio-zale, basati, ez-kultu, ez-jakin, biolentzia-zale, txokokerian murgildu, ez unibertsalista, ez kosmopolita, basa-herriko, ez hiritar..., demagun, euskaldun. Ondorioz, frantses kultibatuak eta modernoak izan behar.
Orain, nonbait, emakumeak ere gizon izan behar, homologatua (etimologia librean homo, hominis= gizaki + logos= arrazoia, logika, zientzia, jakintza...) izateko, gizonaren logika hartu behar. Susmoa aspalditik banuen ere, gizon eta emakumearen arteko berdintasunaren beharraren harira, EITBko urriaren 2ko albistea aditu ostean, dudak ia-ia uxatu zitzaizkidan:
Esatariak -emakume homologatua bera ere-: berdintasun behar hori islatzeko 20 mujeres de exito (jujeak, sendagileak, legebiltzarkideak, idazleak, ondo exekutatzen duten exekutiboak, exekutiboko kideren bat...) agerraldia egin zuten. Esperotako ondorioa: amatxo maitea, zu ez zaude homologatuta, ez ei zara-eta «mujer de exito», ez ei duzu bizitzan arrakastarik lortu. (Esan dezadan, bide batez, eta badaezpada, aitatxo, zu ere ez zaudela pertsona arrakastatsu bezala homologaturik, ez duzu-eta lortu bizitzan exitorik, exito ugari (latinetik=irteera) burutu arren- taxista izan dugu aita oraintsu arte-). Susmoa dut gaur egun bizitzaren arrakasta ad extra neurtzen dugula, agian, ad intra (= barrura begira) ezintasun gaindigaitzak ditugulako, intra dugunik/garenik ere lar ahazturik dukegulako. Beharbada, hori dela-eta, etengabe irudia kanpora proiektatu nahian jarduten dugu, traiektuan (=bizitzan zehar) emankor denik gutxi introiektatu (= barneratu) gabe. Zinez, zer bizi- eta gizarte-proiektu edukiko dugu orduan, arrakasta prometeiko/patriarkal/falikoaren irudiaz haratago?
Berehala, berdintasun lortuaren eredu gisa aurkezten zaigun emakume homologatu exitoso bati (sendagile arrakastatsua bide da) eman zitzaion hitza, eta orduan ere, euri zaharra: lanbide honetan, gaur egun, dagoeneko, emakumeok dominamos. Alegia, gizonkeriaren arketipo patriarkala onartua, bereganatua eta hobetua: dominus= jauna, menperatzen duena. Nire irudikoz, jauntxokeria larregi gure etxe (=domus) gertu eta urrunetan ere.
Barkatuko didazue, baina gizonkerietan lotsa hartzen duen honek -esan gabe doa, baita nireetan ere, noski-, ez du behar emakume itxurako gizon gero eta gehiago, ez du nahi gizarte gizondurik, ez dut uste gizateriarentzat arrakasta dakarrenik, arrakatsa (ar+akatsa) baizik: botere eta menperakeriaren logika.
Gizakiaren (eta gizartearen) arrakasta, nahiago dut lotzea emetasunaren beste ideia eta jokabide batzuekin: homo-hominis=humus, lurra, natura, harkorra, fruitua, hilerokoa (=bizitza), ilargia, itsasgora-behera, hilaren argia, argizaria, emankortasuna, haur, emakumea, eman, ume, eme, ama, umetoki, kultura (jatorriz coleo, es, ere= lurra erein, hazi, landatu), hazi, hezi. Eman/harkortu versus harrapatu (=harrak jana= ar-tu=gizon bihurtu, har bihurtu), harrapakari.
Jakina, ez naiz gizon eta emakume jakin eta zehatzen inguruan ari, arketipoen mailan baizik; izan ere, zorionez, gizon emeak badira, eta baita, zoritxarrez, emakume gizondurik ere, exito handikoak, hori bai! Tamalez, gaurko emakume-ereduarengatik, sarriegi emakume izateaz lotsatu behar eta ezkutatu, gizondu: jada «ez da antzematen», «ez da iragaten...,»; Emakumea Eva (=Bizia) baino Evax nahiago dugu. Denok kanpo-eder, garbi eta zoriontsu antza.
Eta Gizakiaren gainean, zer esan? Apirilaren 24an Ama Lur filma ikusi ostean, Nestor Basterretxearekin Oñatin gozaturiko afari batean, Jurgi Oteiza hizpide, aipatu zuen behin Erromako San Pedro plazan zirelarik, halako batean, zoro baten antzera, Oteiza, besoak astinduz eta goratuz, korrika hasi zela honakoa oihukatu egiten zuen bitartean: «Non dago gizakia??!!, Non dago, gizakia??!!». Ez omen zuen inoiz ulertu zertan zebilen eta zergatik egin zuen, baina, antza, gizakiaren bila zebilen gure Oteiza. Ez gara urrun ibiliko Diogenes Zinikoaren haritik abiatu eta Nietzscherengan bilatzen badugu erantzuna. Zientzia Alaia-ren 125. aforismoan, zoroak berdintsu galdetzen du plaza publikoan baina Jainkoaren inguruan. Bere lepo trufaturik jendea begira zeukala, «Zoroak aurre egin zien, eta beha-beha begiratzen zielarik oihu egin zuen: 'Non dagoen Jainkoa? Esango dizuet. Hil egin dugu; Jainkoa hil egin da...'» Nietzscheren pentsamenduan, gizakiaren ekintza handi eta miresgarri hori («Ez da sekula ekintza handiagorik egon...»), ezinbestekoa da Gaingizakia, Supergizakia jaio ahal izateko. Hala ere, Gaingizakia baino Azkeneko gizakia baino ez jaiotzearen beldur zen Nietzsche-Zaratustra, burututako ekintza handiaren esanahiaz jabetu ez denaren beldur alegia: «Ai ene! Garaia dator, gizonak izarrik gehiago erdituko ez duena. Ai ene! Badator gizon destainagarrienaren garaia... Lurra txiki bihurtu da eta beronen gainean jauzika ari da azkeneko gizona, dena txiki bihurtu duena... 'Zoriona aurkitu dugu guk' diote azkeneko gizonek eta begiei keinu eragiten diete... Badituzte egunerako atsegintxoak eta gauerakoak...» (Ikus Honela mintzatu zen Zaratustra-n Zaratustraren Aurremintzaldiak V). Ni ere, neure baitako azkeneko gizakiaren beldur naiz, eta, Oteiza bezala (barka biezat atrebentzia), gizakiaren bila nabil, emetasun arketipikoaren bidean ordea. Hala ere, badaezpada eta bukatzeko, esan nire jantziak, gero eta zimur gehiago dituen honek lisatzen dituela; dena konponduta, bada, gure etxean: berdintasuna gauzaturik. Bejondeigula!
BIZI DUGUN ETA BIZI GAITUEN GIZARTEA
Transzendentzia posibilitate oroz hustutako errealitate
(ontos) inmanente/materiala, errealitate erreal huts sakro eta bakar bilakarazi
digutelarik, ontogenetikoki (norbanako gisa) eta filogenetikoki (espezie lez.
“mendebaldean”), hemen-oraina absolutu bihurtu beharra dugu.
Arima, logos-a gailendu egiten zuen dualismo platonikoaren
(gorputz / arima) alde bat ezabaturik, jainkoturiko eta gurtu beharreko gorputz (nahi bada, harago, materia oro)
soilera igaro gaituzte/gara. Eta horixe, bide batez, paradoxikoki,
alde batetik
- ontologiaren aldarean jainko bakar ezarria (sakralizatua beraz; uler bedi, izate betearen bila dabilen gorputz/materiaren kontsumismo neurotiko-konpultsibo itsu eskatzen, exijitzen diguna),
eta bestetik
- arimaz (ruah, pneuma) barru-husturik, guztiz “erabilkeriagarri” bilakatua, hots, bitarteko huts edota baliabide huts (uler bedi giza gorputza eta zentzu hedakorrean baita natura –oikos- oro har) dugularik; honek aldi berean zera dakar,
o
oikoumene-rik
(komunitatea) gabeko globalizazioa (eko-logia eta eko-nomia krisiak),
eta –de facto,
baina askotan baita de iure ere-,
o
giza gorputza,
berori fagozitatua den gorpu (sarx) bihurtzea (sarkofago) -irakur bedi
prostituzioa, sexu-bortizkeria, organo trafikoa, anorexia …-.
Munduaren desakralizazioa/sekularizazioa gertatu
zaigu (Mircea Eliade), gelditu zaigun `hondarra` sakralizatzeari ekin
diogularik; ezin ase ordea ... (agian gu
ez garelako –guztiz- gure baitakoak?).
Neurri handi batean, eskizofrenia horretan murgildurik ikusten dut gure
burua.
Laburbilduz, profanoari sakratuaren erreferentzia ezabatuz
gero, profanoak berak profano izateari utzi egiten dio (bere ezaugarriak
sakratuaren ezaugarriekiko hartzen baitzituen), non profanoak sakratu izaera
(edo hobe itxura, jantzia) hartu nahi duen, berori profanatuz eta harrokeriazko
ahalegin horretan (hybris), bere izatea ere galduz eta ondorio ez osasungarriak
jasanez (hamartia). Orokorrean, gizakiari ere bada hauxe aplikagarria. Baliteke
antzerki-tragedia beharrean egotea gutxieneko katarsi kolektiboa lortzeko,
baina ez dirudi kultura bezala oraindik bide hori hartu dugunik,
mozkorraldiaren lehenengo ajeen kontzientzia agian hartzen ari garen arren.
Aurreko guztiak, esango nuke baduela harremana Nietzschek –beti
usaimen zorrotzekoa- iradoki egin zigunarekin, nahiz berak, Zientzia
Alaian behintzat, seguruenik zentzu pozgarri eta itxaropentsuan adierazi
(itzulpena nirea da eta gaztelaniatik, beraz, neurri horretan hartu behar da):
ZOROA (asaldatua)
Ez zenuten
entzun hitz egiten zoro hartaz, zeinak plaza publikoan zehar korrika egiten
baitzuen piztutako eskuargi batekin, etengabe oihukatzen: Jainkoaren bila
nabil! Jainkoaren bila nabil! Fedegabeko asko zeudenez, bere oihuek barre
eragin zuten. Galdu egin zaizu? -zioen batek. Galdu egin da ume baten pare?
-galdezka beste bat. Ostendu egin da?, gutaz beldur da?, itsasoratu egin da?,
emigratu?. Eta galdera hauekin batera, koruan, barreak entzuten ziren. Zoroak
aurre egin zien, eta beha-beha so egiten zielarik oihu egin zuen: ”Non dagoen
Jainkoa? Esango dizuet. Hil egin dugu; zuek eta nik, denok gara bere
hiltzaileak. Baina nola egin ahal izan dugu? Nola hustu egin genezakeen
itsasoa? Nork eman zigun hodeiertza ezabatzeko oihala? Zer egin dugu Lurra bere
eguzkiaren kateatik askatu ondoren? Nora bideratzen dute orain bere
mugimenduek? Nora daramate orain gureek? Etengabe erortzen ari ote gara?
Aurrerantz goaz, atzerantz, inorantz, nora ezean gabiltza? Ba al dira oraindik
goia eta behea? Ezerez betiereko batean hara-hona gabiltza? Hustasuna bere
arnasarekin orpoz orpo atzetik dabilkigu? Ez gara hotz? Ez dakusazue gaua nola
hurbiltzen zaigun gero eta trinkoago? Eskuargiak piztu behar ditugu eguerdia
heldu aurretik? Ez dantzukizkizue (entzuten dituzue) Jainkoa lurperatzen ari diren ehorzleen
zurrumurruak? Ez dugu hautematen oraindik ezer Jainkoaren usteltzetik?. . .
Jainkoak ere usteltzen dira. Jainkoa hil egin da! Jainkoak hilda darrai ! Eta
geuk erail egin genuen! Nola lasaitu gure bihotza guk, hiltzaileetan
hiltzaileok! Sakratuena, orain arte munduan boteretsuena zenak odolez tindatu
du gure aiztoa. Nork ezabatuko du odolezko lohidura hori? Zer nolako urek
balioko du gu garbitzeko? Zer nolako garbitze-ekintzak, zer nolako zeremonia
sakratu asmatu behar izango ditugu? Ekintza honen handitasuna, ez da handiegia
guretzat? Jainko bihurtu beharko dugu edo behintzat jainko bezain duin garela
eman beharko dugu? Ez da sekula ekintza handiagorik egon, eta gure ondoren
jaioko direnak, ekintza hori dela-eta, inoiz historia bat izan den baino
historia jasoago baten kide izango dira”. Puntu honetara heltzean, zoroa isildu
egin zen eta berriz bere entzuleei begiratu zien; haiek ere isildu egin ziren
berari sor eta lor, harriturik begiratuz. Gero lurrera bota zuen eskuargia,
berau itzaltzen eta zatitzen zelarik. ”Goizegi etorri naiz -esan zuen berak
orduan-; nire garaia ez da oraindik heldu. Gertaera neurrigabeko hau bidean
zehar dator oraindik, ibiliz dator; baina oraino ez zaie heldu gizakien
belarriei. Oinaztargiak eta ostotsak denbora behar dute, astroen argiak ere
denbora behar du; ekintzek behar dute, behin eginez gero, ikusiak eta ulertuak
izateko. Ekintza hori, gizakiekiko, izar urrunena baino urrunago dago oraindik.
Eta beraiek burutu dute ordea!”. Gaineratzen da , egun berean zoroa eliza
askotan sartu zela eta bere Requiem Aeternam Deo abestu zuela. Kalera
aterarazia, eta ea zergatik egiten zuen galdeturik, beti gauza bera ihardesten
zuen: ”Zertarako balio dute eliza hauek Jainkoaren hilobiak eta oroitarriak
baldin badira?” (F. G.NIETZSCHE,”Zientzia Alaia”, 125. aforismoa.)
Nago, zinez, mendebaldeko zibilizazio hipermodernoan, gutxi
batzuk baino ez direla hasi ekintza handi horren ondorioak sumatzen eta
“onartzen”. Jainkoaren heriotza aldarrikatu bai, baina mundu-ikuskera sakonari
dagokionez, bizirik balego bezala bizitzen, edo, beste batzuk, benetako
ondorioak ikusi nahi gabe, izan ere, ardatz finko baten gabeziatik datorren
irizpide faltak sortzen dituen erabateko behin behinekotasuna eta erlatibismoa,
samurrago bizi da hausnarketa teorikoan eguneroko bizitzan edota gizartearen
eraikuntza lanetan baino, baita, noski, gizarte demokratiko neoliberaletan (edo areago esan beharko genuke?). Jainkoa hil egin bada dena da zilegi (eta
ezerk ez du aurretiaz funtsa). Etengabeko ezbaigarritasun epistemologiko eta
axiologikoan bizitzea, kontzienteki egin nahi bada behintzat, oso nekeza eta
angustia iturri izan daiteke-eta. Irtenbide bat: egoera hau, kontzienteki eta
erreflexiboki ez bizi. Gainera samurtasunak eskainiko dizkigute “urgaineko”
bizi-molde hori egin dezagun.
Zoritxarrez, ausaz, Nietzscheren beldur hura hein batean
bete da: Super-gizakia baino Azken-gizakia etorri zaigu eta
bete-betean bere araoan bizi gara. Esango nuke ondotxo aurreikusarazten zigula
zelakoa den Azken-gizakia Honela Mintzatu
zen Zaratustra liburuan (Ikus beherago, aurreko urtean Berria egunkarian
argitaratutako nire artikulu batean horri egindako erreferentzia)
ONDORIO bat. Jainkoa hil da, transzendentzia oro desagertu
zaigu, baina adorerik edo tresna egokirik ez dugu topatu gure zauri tragikoari (Hölderling)
begiratzeko: Heriotza. Urrun gelditzen zaigu Heidegerren hura: “Gizakia heriotzarako izakia da”, hots,
bere muga (gorena: ni kontzientearen
behin betiko desagerpena) logiko eta ontologikoaz jabetzen den izaki bakarra
da.
IRTENBIDE bat: Heriotza (eta bere metafora baino ez den
muga oro: gaixotasuna, zahartzaroa, akatsa, ezintasun, frustrazio...) begi bistatik
kendu, euren existentzia ukatu, eta horri laguntza emateko, psikologikoki eta
gizarte-paisaiatik artifizialki erauzi. Bizi
gaitezen mugagabe izango bagina bezala, gure zoriontasuna jokoan da-eta
dioskute; honetarako baina, ezinbestekoak dira erabateko presa eta denbora
guztiak okupatzea, zein besteekiko funtsezko loturak ahal dela
apurtze/ahultzea, izan ere, denborari beta emanez gero, agian zirrikitu
horretatik gure izateaz eta bizitzaz pentsatuko dugu, edota besteren batek
gogorarazi egingo digu, edota bere ispiluan gurea ikusi. Tira bada, orainari
ihesi, bere bukaerara oharkabe korrika heldu nahi duen izaki bihurtu zaigu
gizakia, agintzen diguten bezala, gure zoriontasun txikia eskuratzearren,
eguneroko atsegin txiki/handiei emanak, kontsumitzen-kontsumitzen consumatum est arte, bai geu pertsonalak
eta bai gizateriaren historia. Amen.
Espiritua ukaturik gelditu denez gero, dena “soma”tu egin dugu, baina, hamartia gisa, baita somatizatu ere.
Gizakiak, itzulinguru antropologikoa gauzatuz geroztik,
bere burua “argiturik” (Ilustrazioa) jainkotu du bere burua, gero dena (bere burua barne) arrazionalizatu du
(ratioak egin, -razioak?-, zatikatu –txikitu?-, sekzioak egin –disekzionatu,
hil?-), eta bide batez ahaztu du zatien baturek inoiz ez digutela ematen
osoaren izate osoa (eta nekezago oraindik zati bakoitza zein bere aldetik,
nahiz ondoan egon). Horren ondorioz osotasunaren Zentzua galdu du (depresioa),
proiektu gabe (etengabe korrika dabilenak ezin du ezer proiektatu), aurrera
begirakune barik gelditu da (proiektua ez duena iecto dago, orain eta hemen-era
emana, etzana, hilda bezala -datza–“yace”-), bere Zentzu-egarria materiari estu
atxikitako eguneroko kontsumo eta atsegin txikien bidez (zentzukeriak=?) guztiz
ezin asez.
Nietzschek Jainkorik eta Transzendentziarik gabeko
metafisikaren eta mistikaren metafora sortu zion Gain-gizakia izango zenari.
Hona (berriz itzulpena nirea):
ZAMA IZUGARRIA
Zer gertatuko litzateke
baldin eta gau eta egun, bakartasun mortuliarrenean, zure atzetik demonio bat
joango balitzaizu esanez: “Bizitza hau, orain bizi duzun bezala, oraino bizi
izan duzun bezala, berriro eta zenbatezinezko aldiz bizi behar izango duzu, eta
bizitza horretan ez da ezer berririk egongo; aitzitik, min eta poz bakoitza,
gogoeta eta hasperen bakoitza, zure bizitzaren infinituki handia eta txikia
birsortuko zaizkizu, herronka eta hurrenkera berberean; armiarma eta (ilargiaren)
zuhaitzaren adarren arteko izpi hura ere, lipar hau ere; baita ni ere. Existentziaren
harea-erloju eternala bueltatua izango da berriz, eta berarekin zu ere
hautsaren hautsa”? Ez zenuke zure burua
lurrera botako hortz-haginak karraskatzen eta horrela hitz egiten zizun
demonioa madarikatzen? Ala, bizi izan zenuen halako une miragarria zeinagatik
ihardetsi ahal izango baitzenioke: “Jainko bat zara! Ez dut sekula hizkuntza
jainkozkoagorik entzun! .Pentsamendu honek, zuregan sustraituko balitz, zaren
moduan, transformatuko zintuzke apika, baina agian ezereztatu ere egingo
zintuzke: honako galdera hau, ”nahi al duzu hau errepika dadin behin eta
zenbatezinezko aldiz?”, astun eragingo luke zama izugarri batekin zure
ekintzetan, denetan eta denagatik! Zenbat maite behar izango zenituzke orduan
bizitza eta zure burua, beste motako gauzarik nahi ez izateko, baieztapen goren
eta betiereko hau izan ezik! (F.G.NIETZSCHE,”Zientzia Alaia,341.aforismoa)
Baina honek ere, aforismoak berak planteatzen digun hausnarketa
egitera behartuko gintuzke une oro, gaur eguneko dinamikaren aurkakoa dena.
(Eta gainera, zer irizpidetatik eman baietz edo ezetz betiereko hori, gure
ekintza posible bakoitzari?)
Juankar Olaeta
(Joseba Azkarragaren testu batzuen irakurketak eraginda)
(Joseba Azkarragaren testu batzuen irakurketak eraginda)
Suscribirse a:
Entradas (Atom)