Ibarrangeluko gure amumak,
asteleheneko Gernikako Azokatik etxerantz, itsasaldetik Gernikarantz
burdinazko hegaztiak, behin eta berriz, errenkada etengabeetan bere buru
gainetik igarotzen ikusi, zarata beldurgarriak entzun, eta ikaraturik,
bide-ertzeko zulo batean zelan ostendu egin zen kontatzen zuen.
Apirilaren 26ko arratsa zen, oskarbia, zerutik infernua ekartzeko
aproposa. Condor
Legio alemaniarra, italiar faxisten laguntzaz eta buruzagi frankisten
koordinaziopean,Gernika gainera lehergailu, bala eta su! Zorteko amuma,
Francoren ‘Gurutzada Loriatsua’k, sarraskipean harrapatu ez zuelako. Ez
zuten izan ezagun eta lagun zenbaiten senitartekoek zorion berdina. 75.
urteurrena. Gertakarion narrazio bizia, (des)atsegina eta arina nahi
duenak, Taberna Barriko Pili Amesti gernikarraren gizona den Ingo Niebel kazetari eta historialari alemaniarraren “Gernika. Memoria de un pueblo bajos las bombas y el fuego” liburutxoa du irakurgai.
Bere herriarekin bat, han ibili zen Agirre Lehendakaria
ere, abertzale zintzo eta porrokatua, erraiak malkotan, bizibidean
etorriko zitzaionaren aurrekari mingots. (Hego)Euskal Herri osoko burujabetasunaren gudari temati eta itxarobide. Espainiatik baina, semper idem, erantzun
berbera: ez gaitezen atzipetu, engainatu, berdin ezkerra zein eskuina,
atzo-gaur-bihar, beti-beti aitzakiaren bat gure herriaren izatea eta
eskubideak ukatzeko. Lekuko hegoaldeko 4 herrialdeetarako Eusko
Ikaskuntzak landu eta adostasun zabala zeukan Euskal Estaturako estatutu proiektua, edota, geroxeago Lizarrako Estatutua, bertatik bertara eratua, Espainiako errepublikano eta sozialistek, euren Errepublikako 1931ko Konstituzio sakratuaren
‘mugak’ gainditzen zituelako ukatua, ugazabak morroiari berak emaniko
‘eskubidetxo’en mugak zein diren gogorarazten dion lez. Horregatik
etorri zen Hego Euskal Herriko zatiketa instituzionala (ezin onartu
Nafarroa nagusiki karlista-tradizionalistak 1931eko Espainiako
Konstituzio laizistaren uztarriak). Euskal Herriaren ukatzaileak, beti
trebe gure artean ezinikusiak sortzeko, geu beti aiduru amua irensteko;
zer aldaketa gutxi sumatzen ditudan oraindik orain!
Agirrek ez zuen borrokarik egin Espainiako Errepublikaren alde, euskal aberriaren
alde baizik, Gernika eta gernikarrak ez ziren sarraskituak eta erreak
izan Errepublikarekin lerratu zirelako, euskal herria izan nahi eta
horixe sinbolizatzeagatik baizik; herri ez, eri nahi
gaituzte, gaixo. Ez dut ulertzen azken sasoian gure artean izan den
Espainiako Errepublikako banderen ugaritzea. Azalpenik? Morroi sindromea
ote?
Juankar Olaeta, 2012-04-25.
No hay comentarios:
Publicar un comentario